Gure jardueraren ondorioz, planeta zaborrontzi ikaragarri baten antza hartzen ari da. Gero eta hondakin gehiago sortzen ditugu, produktuen bizitza erabilgarria laburregia delako eta kontsumoak eta ezabaketak batere kezkatzen ez gaituztelako; herrialde industrializatuetan, batez ere. Azken urteotan, aurrerapauso nabarmenak izan badira ere, hondakinak oraindik ere sekulako erronka dira ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik: hondakin kopuruak gora egiten du eta oraindik ere ez da aprobetxatzen hondakinen prebentzioak eta birziklapenak eskaintzen diguten aukera ikaragarria.
Hori dela eta, 14/2018 Foru legea Hondakinei eta haien fiskalitatear lehentasunezko helburu bat ezarri du; hots, hondakinak prebenitzea, hau da, behar diren neurriak hartu behar dira, hondakinak sortzeak ingurumenean eta osasunean eragiten dituen kalteak murrizteko.
Nafarroako Hondakin Plana 2017-2027 dio 2027rako bete egin behar dela hiri hondakinak %12 jaisteko helburua, bai eta tamaina handiko hondakinak %1 8 berrerabiltzeko helburua ere. Yonolotiro.es, Bigarren Eskuko eta Truke Merkatua, beraz, lanabes bat da helburu hori betetzen laguntzeko.
Onena da hondakinik ez sortzea; huraxe baita hondakinik hoberena. Birpentsatzen badugu, eta erosketaren unean, erabaki zuzenak hartzen baditugu, hondakin askoren sorrera eragotziko dugu. Esaterako, erosketa-gurdia eta poltsa berrerabilgarria erabilita; alferreko bilgarria duten produktuak ez erosita; edo bilgarri handiegia, arinagoa eta birziklagarria duten produktuak erosita; tokian tokiko eta garaian garaiko produktuak erosita; formatu handiko produktuak, iraunkorragoak erosita, eta, botatzekoak diren gauzen ordez, gauza berrerabilgarriak erosita.
Hondakin batzuk material gisa edo energia gisa berreskuratu badaitezke ere, beste batzuk ezabatu egin behar dira; eta, horren ondorioz, material baliagarriak betirako galtzen dira. Zaborrak isurtzea, gainera, kaltegarria da osasunarentzako eta ingurumenarentzako.
Etxean nahikoa da aztura errazak hartzea, gure produktuak egokitasunez erabiltzeko eta zaborretara gauza gutxiago botatzeko; esate baterako, tresnak baldintza onetan mantentzea, gehiago iraun dezaten; iraungipen-datei erreparatzea, gutxiago xahutzeko; dosi zehatzak erabiltzea, kontsumoa mugatzeko; produktu bat bukatzea, berria hasi baino lehen, e.a.
Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko eta hondakinak sortzea prebenitzeko, Europar Batasunak hondakinei buruzko oinarrizko arauak eman ditu. Arauekin bat, Estatu kideek eskura dauden teknologiarik onenak erabili behar dituzte, eta, era berean, produktu berrerabilgarriak eta berreskuragarriak fabrikatu behar dituzte. Hona hemen oinarrizko printzipioa: Prebentzioa birziklapenaren gainetik, eta birziklapena, ezabaketaren gainetik.
Hainbat gauza egin ditzakegu, produktuen bizitza luzatzeko edo produktuek gehiago irauteko. Adibidez, altzaririk, etxetresna elektrikorik edo oraindik ere funtzionatzen duen beste tresna zaharrik bota aurretik, senitartekoren bati, gizarte-entitateren bati edo inguruko bati eskaintzen ahal zaio. Bestela, hondakinak kudeatzen dituzten mankomunitateek tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzuak dituzte. Mankomunitate batzuek zerbitzu hori Emausko Traperoak Fundazioaren bidez ematen dute, eta gauzak ongi badaude, edo konponketa txiki bat behar badute, salgai jartzen dira Traperoen bigarren eskuko dendetan; bestela, desegiten dituzte, segurtasun eta iraunkortasun irizpideekin bat, eta atalez atal birziklatzen dira.
Tresnak gaizki badaude, konpontzen saiatuko gara, berri bat erosi baino lehen.
Bada printzipio berri samar bat: Produktu partekatua esaten zaiona. Horrekin bat, auzokide edo ezagun talde batek, esaterako, tresna berbera erabiltzen dute; partekatzen dute.
Azken finean, neurri erabilgarriak dira hondakinik ez sortzeko. Hartara, bigarren erabilerako produktuak saltzea, trukatzea eta oparitzea sustatzen da, eta, era berean, oso gutxi erabiliko dugun eta erosi beharrik ez dugun tresna alokatzea ere sustatzen da.
Hiru kontzeptu ditugu, beraz: prebentzioa - berrerabilpena – birziklapena. Kontzeptuok oinarri harturik, ingurumena zaintzen lagunduko dugu.
Yonolotiro.es domeinuak prebentzioaren garrantziaz kontzientziatuta dauden hainbat pertsona jarri nahi ditu harremanetan; era berean, prebentzioa sustatzeko egiten diren jarduerak zabaldu nahi ditu (merkatu txikiak, trukaketak, bestelakoak…), jardunbide edo praktika egoki horiek Nafarroako herritarren artean zabaltzeko.
Berrerabilpena elkartasunezko lanabes bat da, behar desberdinak dituzten pertsonak harremanetan jartzen ditu eta laguntza eskaintzen die. Entitate askok, gainera, xede sozialetarako erabiltzen dute berrerabilpena, merkatu txikien eta bestelako jardueren bidez.